Kaixo txarto sentitzen naiz!. Hilabete dela ama hil zitzaidan. Gainera, nire aita ospitalean dago eta ezin naiz egon berarekin. Bi anai nagusi ditut, beraien familiekin, hemendik kanpo bizi direnak. Haiekin joan behar naiz, herritik at. Lagunak utzi behar ditut…Bakarrik egongo naiz…triste sentitzen naiz…nire bizitza kaka bat da…!
Honelako dei bat sartu zitzaigun zerbitzuan orain direla hiru hilabete, gutxi gora behera. Mutikoa jota zegoen, nahastuta eta baita beldurtuta ere. Hamalau urte eskas gainean eta hain kontu latza bizi izan behar!!
Zer egin honelako dei baten aurrean? Esango dizugu zer egin genuen: adi entzun. Batez ere, entzun, buru eta bihotz. Ez ginen ohikoak diren leloetan jausi. “…pasatuko zaizu…!, ala…gogorra izan behar zara…!! Ezta okurritu ere; zeren honelako egoera baten aurrean ezineskoa da gogorra izatea, normalena txarto egotea baita.
Entzun, ulertzen saiatu, sostengua eman, barrua arin zezan prestu egon.
Geldiro, geldiro eta atsekabea baretu ala, lagundu genion egoera horren alde onak miatzen, garai txarretan ere zer onik badago eta. Inguru berriak ezagutuko zituen eta anaiekin kontaktoa berreskuratzeko aukera ere izango zuen, eta baita lobekin ere. Bere lagunez ere mintzatu ginen, eta nola agurtu haiek “gero arte batekin”, harreman horien ez baitziren galduko. Gainera, berriak egingo zituen …
Guretzat ez zen samurra izan, baina are zailago izan zen berarentzato. Hiru ordu laurden luze pasatu zituen mutikoak negarrez, baina negarraren jarioak barrua lasaitu zion zertxobait. Sabeleko mina baretzen den bezala oka egin ondoren, barrua hustu zitzaion zatio baterako.
Gurekin ez zeukan zertan agurtu beharra, noski, eta hurrengo hizketalditxo baterako lotu ginen. Gustura hartu zuen gure proposamena, jakin bazekien sentitzen zuen tristuta ez zitzaiola uxatuko egun batetik bestera.