Heriotzaz mintzatuz bai?

Sarritan esan dizuegu bidaltzeko zuen idatziak, gure blogean nahi baldin badituzue agertzea.

Ondorengoa 16 urteko neska batena da. Sinadura barik doa, gurea zerbitzu konfidentziala delako. Heriotzari buruz eta gai horrek ukitzen dizkion sentipenei buruzko hausnarketa sakona egiten du bertan gure idazle gazteak.

Besteak beste, esaten digu gaur egunean nekez hitz egiten dela etxeetan heriotzaz, eta berak uste duela egin beharko litzatekeela bizitzaren zatia delako. Ea gustatzen zaizuen bada!!

“Gaur biraka daukat buruan heriotzaren kontua. Uste dut hainbat gaien inguruan ez gaudela batere prestatuak. “Heriotzaz mintzatuz bai?” irakurtzen jarraitu

Lagun ona

Gaur jaso dugu bene-benetako dei zoragarria bat, hainbat txatxaren bitartean.

Hamalau urteko neska bat izan da gure 116111 telefono zenbakia markatu duena. Kezkatuta agertu zaigu bere lagun baten arazoak direla eta. Antza lagun horrek ez du ea ezer jaten; erabat ahul eta argal dago aspaldi, baina bere burua lodi ikusten du. Gure deilariak uste du bere laguna anorexiaz jota egon daitekeela.

Biak doaz ikastetxe batera eta bertako irakaslegoa arduratuta dago lagunagatik. Egin behar den modura, ipini dira harremanetan neskaren gurasoekin eta ematen du laster sendagilearengana eramango dutela laguntza emateko.

Baina gure deilaria zerbait gehiago egin beharrean dago eta ez daki zer. Esan diogu nahiko egiten dagoela eta lagunaren ondoan egotea dela egin dezaken gauzarik hoberena. Gurasoek eta sendagileek emango diote behar duen babesa eta laguntza,baina lagun baten berotasuna ezinbestekoa egingo zaio trantze horretan.

Gure laguntza izango du deilari honek nahi duen guztirako. Honelako gazteak zaindu beharrak daude eta. Horregatik ba, pozik gaude honelako deia pozgarriak baitira.

Argazkia Flickr (CC)-tik

The Police (Gotzon -16 urte)

Gaur atzo baino, azken egunotan baino, goizeago esnatu zara, 6:14an. Ohetik altza eta eskatzera joan zara. Ez duzu ezer gosaldu. Komuneko espilluen aurrean denpora luzez, geldi. Ezpainetako gorriaz eta zeure mutillak orain dela sei egun erregalatutako begietako “Rimel” karuarekin makillatu zara. Ez du balio; zure arpeian ez dago pozik.

7:36an etxetik irten zara biharrera joateko. 100 bat metrora dagon Walterren floristerian geratu zara, goizero bezala, bertako larrosa zuriei begira; eta goizero bezala ez duzu ezer erosi.

Haietariko bat ezker eskuko atzamarrekin kontuz ikutu dozu. Aurrera jarraitu duzu; pixkat berandu zabiltzaz.

7:58an heldu zara klaseak ematen dituzun “St. George Collegue” unibersitatera. Deskantsuan, 11:17an, ate aurrera irten zara kafe bat hartzeko asmoz. Deskafeinatua, esne tanta batekin. Dei bat hart eta erantzun duzu. Barre egiten eta ahots alaiagoa ipintzen saiatu zara; asko kostaten zaizu; illuntzerako planin bat. 11:44an berriro sartu zara barrura, Turner, fisikako maisuarekin.

19:02an irten zara ate berdinetik, jake eta bufanda gorriarekin. Bihar arte, ez zara barrura bueltatu behar. 19:13an Opel Astra bat geldittu da zure aurrean. Irribarre egiten saiatu zara. Asko kostatu zaizu. Atea zabaldu, barruan jesarri, atea itxi eta aurrerantz joan zarete, bigarren kurban ezkerrera botata. “Elisabeth II St.”ko Odeon zinetokiaren aurrean gelditu da autoa. Bertatik irten zarete zeu eta zeure mutilla. Besoa sorbalda ganetik pasatu dizu eta barrura  joan zarete.

22:11 irten zarete kalera. Hotza sentitzen duzu eta zure mutillak beren jakia ipiñi dizu ganetik. Ez du balio; hotz berdina daukazu. Kotxean sartu zarete. 22:12an zeure etxeko norabidea hartu duzue. 22:27an zure ate aurrean geratu eta biok irten zarete. Sorbaldetan eskuak ipiñi ta aurrez aurre musu emoten saiatu zaizu. Aurpeia eskumara ezkuta duzu. Mosua ezker matraillara heldu zaizu. Gabon esan, kotxean sartu eta joan da. 22:31. Kotxea joan den norabidean begira geratu zara. Ez dago irribarrerik, baina pozik txikiena bai.

Atetik sartu eta eskilaretan gora igo duzu. 22:36an etxeko atetik sartu, giltzak sofara bota dituzu, txaketa eta bufandagaz batera; eskatzera zuzendu dituzu pausoak, gosez. Eta ikusi duzunean irribarre bat irten zaizu, oraingoan ezer kostatu gabe. Nolabait, badakizu ez dena zure mutilla. Bera arruntegia da holakorik egiteko. Larrosa zuria bi eskuakin hartu eta paper zati bat daukala zintzilik ikusi dozu. Irakurri duzu; ezpanetan irakurri dizut. Eta agian izan da aingeru guardakoa atzetik edukitea, bakarrik sentitzea baino hobea delako, akaso nire idazkera ezagutu dozulako; baina 22:41an barre egin dozu, berez.

“…I´ll be watching you…”

Adiskidetasuna eta ardura

Agur bero bat blog jarraitzaile guztiei!

Gaurkoan, 116111 zenbakitik heldu zaigun istorio erreal bat elkarbanatuko dugu zuekin.

Bakoitzak bere irakaspena atera dadila, baina azpimarratu nahi dugun lehen gauza, Adiskidetasunaren garrantzia da. Zorte handia daukate arduratzen diren lagun taldea duten horiek!! Hori delako adiskidetasuna; momentu onetan elkarrekin gozatu eta, txarretan, ondoan izan, elkar lagundu, gaizki sentitzen denak ez  badu laguntza beharrik ikusten ere.

Zenbaitetan lagun on batek arazoak izaten ditu eta ez da egoerataz jabetzen. Zeuk Esan-en ez dugu inor larritu nahi, baina badira, ordea, arriskutsuak diren egoera batzuk, bizitza bera ere arriskuan jar ditzaketenak. “Adiskidetasuna eta ardura” irakurtzen jarraitu

PASA DEN URTEARI SO EGINEZ

Ohikoa da jendea pasa den urteaz mintzatzen entzutea, asebetetako plan edota egiteko daudenen, eta, datorren urtean datozen proiektu eta itxaropenen inguruan.

navidad-postTxikia nintzenean, entzuna nituen helduak horrelakoez hizketan. Nik ez nuen tutik ulertzen, Gabonak beste adiera bat baitzuten niretzako, ala nola, familiarekin elkartu, opariak jaso eta janari asko eta denetarikoa jan…, batez ere azken hau; ah, eta nola ez, oporrak.

Gogoan daukat Abenduak 25ean lagunekin elkartzen nintzenean, Olentzerok ekarritako opariak elkarri erakusteko. Gogaitu arte jostatu eta besteen opariak aztertzen genituen, beharbada, etorkizun hurbil batetan eta jarrera ona izanik, Olentzerok ekarriko zizkigulakoan.

Aiton-amonak egiten zizkidaten galderak ere gogoratzen ditut:                << ongi portatu al zara urtean zehar? Zer eskatuko duzu hurrengo urterako? >>. Azken galdera hau ez nuen behar bezala ulertu, eskatuko nituen oparien kontuarekin zerikusirik ez baitzuen. Gaur egun, urte batzuen buruan, badakit zein den galdera horren atzeko esanahia: datorren urterako ditudan itxaropen edo planak zeintzuk diren pentsatu (ikasiko dudana, nola antolatuko naizen, eraikiko ditudan proiektuak zeintzuk izango diren…).

Nagusi egiten garen heinean, gauzen esanahiak aldatu egiten direla uste dut, gehienetan, behintzat; baina ez beti, eta eskerrak. Haurtzaroko sentsazioak berreskuratzea zein gaur egun ditugunak eta etorkizunean izango ditugunak onartzea garrantzitsua dela deritzot, barnean daramagun haurrarekin jolasten jarraitzea ederra delako. Zenbaitetan, 7 urtetxo nitueneko Gabonetara bueltatzea gustatuko litzaidake, magikoa iruditzen zitzaidan eta: zuhaitzetako argiak, kantuak, familiako kideak mozorroturik pailazoarenak egiten ikustea… Beraz, Gabon hauetan atzera bueltatuko naiz, mozorrotu egingo naiz, kantuka ibiliko naiz eta zehetasun bakoitzean momentuko magia aurkituko dut; etxeko txikienekin partekatuko ditut egun hauek, ia dena kutsatzen dela esaten baitute, eta magia, horietako bat da.

IA EZEZAGUNA DEN AITA

abandono

6 urte nituen nire aitarekin goizetan futbolera jolastera, bizikletaz ibiltzera, erosketak egitera…joaten nintzenean. Hauek dira nire aitarengan ditudan ggorapen gutxiak. 8 urte bete nituenean, nire gurasoak banandu egin ziren eta nire amarekin eta nire ahizpa Soniarekin bizitzen geratu nintzen.

Momentu honetatik aurrera, nire aita bere amaren etxera bizitzera joan zen eta jarrera arraroa izaten hasi zen eta, batez ere, bortitza. Banantzearen ondorengo egunetan eta egoera berria ez asimilatzean, etxean agertu zen bat-batean eta nire amari diru-zorroa hartzea erabaki zuen. Diru pixka bat zeukala ohartaraztean, ama iraintzen hasi zen diru hori nondik atera zuen galdetuz. Azkenean, zaplasteko bat eman zion, ama lurrera jausiz. Gertaera honen ondoren, beste egun batean etxera ailegatzerakoan, nire ohean eserita zigarro bat erretzen aurkitu genuen.Oraindik gogoratzen dut hartu genuen ezustekoa! Nire ama oihukatzen hasi zen nire aita etxetik atera zen arte. Beldurra genuen….Azkenean, sarraila aldatzea erabaki genuen eta inoiz gehiago sartu zen etxera baimenik gabe.

Esan beharra daukat nire ama ez duela inoiz oztopatu gure aitarekiko erlazioa. Hasiera batean, momentuak partekatzen genituen berarekin eta, ondoren, bere bikote berriarekin eta euren artean izandako semearekin, nire neba Aitor. Ez dakit bere bizitza berreraiki zuelako edo, baina gero eta gutxiago egoten ginen berarekin.

Asunto legalentzako paperak behar zituenean bakarrik deitzen zigun momentua ailegatu zen. Gainera, pentsioa jadanik ez zigun ematen. Ez zigun jaramonik egiten.

Gaur egun oraindik, nire ahizpa Sonia eta ni zer egin genuen gaizki pentsatzen dugu, gurekin jolasten eta bizikletaz ibiltzen zuen pertsona horrek jadanik gu baztertzeko, beste pertsona batekin familia “berri” bat osatuz, gu existitzen ez bagina moduan.

Zorte ona izan dut daukadan ama eta amama-aitite zoragarriekin, beti egon baitira nire alboan ni zaintzen horrexegatik, inoiz ezer faltan izan dut, baina kulpabilitate eta inpotentzia sentimendu horiek ez ziren desagertu gauzak beste ikuspegi batetik ikusten hasi nintzen arte, batzuetan, profesionalen laguntzarekin eta beste batzuetan, nirekin bakarrik.

Honegatik zuei idazten erabaki dut. Istorio honekin identifikaturik sentitzen bazarete, errudun ez zaretela sentitu behar esan nahi dizuet eta niri, pertsonalki, nire aitarekiko sentimenduak partekatzea asko lagundu nau, ni ume bat soilik nintzela eta egoera eta ingurua dena korapilatu eta zaildu egin zuela ulertzeko.

Zerbitzuan izan genuen nerabe baten istorioa da hau, fikziozko izenekin. ZEUK ESAN-etik zuen ardurak, sentimenduak, istorioak…gurekin partekatzen animatzen zaituztegu, azken finean, hau dena aska zaitezkeen pisu bat da bestekin hitz eginez.

ALABAREN GUTUNA BANANDUTAKO GURASOEI

Kaixo aita eta ama,

Min dut bihotzean, eta gaitz hau ez da egiten dizkidazuen opari handiekin sendatzen, ez ditut behar. Zuek elkarrekin egotea baino ez dut behar, baina badakit hori ezinezkoa dena. Beraz, eskari batzuk egingo dizkizuet; betetzen badituzue, uste dut askoz hobeto sentituko naizela: Ez duzue esaten niretzat onena nahi duzuela?  Tira ba, hemen doaz:

  • Zuek banaketaren erruduna ez naizela esatea behar dut. Nik zuetako bakoitza onena bazinete bezala ikusten zaituztet. Eta horregatik pentsatzen dut familia honetan huts egin duen bakarra ni izan behar naizela.
  • Berdin-berdin behar eta maite zaituztet biak, ez jarri ni bietako baten alde egin behar izateko tenorean. Ez da bidezkoa.
  • Ez jarri ni epaile moduan, eta ez erabili mezulari gisa. Ni erabiltzen ari zaretela sentitzen dut, eta konponezina dela diozuen zerbait konpontzearen arduraduna naizela ematen du.
  • Nahikoa da nire aurrean elkar kritikatzearekin. Ez zarete bikotea, baina bai nire gurasoak, bizitza osorako. (hau aitona-amonei ere eskatu behar diet).
  • Batzuetan haserre etortzen naiz zuetako norbaitekin bisitan egon eta gero, eta orduan bestea ni pozoitzen ari dela pentsatzen duzue.  Eta eeez da horrela! Kontua da amorratuta eta haserre nagoela beti eta beti elkarrekin biziko ginela uste nuelako.
  • Nigatik egin dezakezuen onena –dagoeneko elkar maite ez duzuelarik– elkar errespetatzea da.

Bananduta ere bietako inork ez nauela abandonatuko jakitea, behar dut.

Maite zaituet

Alaba

Norekin fida naiteke? (Ainara, 15 urte)

Lehengo egunean kezkati hurbildu zitzaidan ama, sermoia botatzeko aurpegiarekin edo. Eta baita bota ere!!!. Nire lagun Sonia ikusi omen zuen erretzen eta…

A zelako hitzaldia eman zidan; “…ez ezazu erre, menpekotasun handia sortzen duen droga da, eta baita kaltegarrienetarikoa ere. Ni neu hasi nintzenean ez nekien zertan zebilen, baina zuek nahi duzuen informazio guztia duzue eta…Asko kostatzen da uztea, behin hasitakoan, eta ez dute denak lortzen …” , etabar luzea.

Eraberean, ziurtatu zidan ez zietela ezer aipatuko Sonien gurasoei, baina neskatoarekin bai izan zuela hizketalditxo bat. Horrelakoxea da nire ama; nire lagunari sermoia botatzeko gai da, baina ez da mihiluze bat.

Ulertzen diot. Berak erretzeari uko egin zion haurdun geratu zenean: “txarra da erretzailearentzat, baina baita inguruan daudenentzat ere, eta erabat kaltegarria umekientzat, oztopatu egiten baitu beraien garapen egokia eta baita ondorio latzat sortu ere osasunean -esaten zidan-

Hau da; amak intentzio onak ditu, eta agian horregatik pena handiago eman zidan esan nionean nire lagun Soniari bere amak erosten ziola tabakoa, aitaren bizkarretik.

Egia esan, ez zait batere arraro egiten jendeak hain arrikara handiakin irtetzeak, zeren guraso batzuei karneta kendu beharko liokete edo, bestela, trebakuntza azterketa bat egin.

Nire anaiak esaten dit horrelako gurasoak ikusita, gureak aldareetara igotzeko moduan gaudela, nahiz eta egun guztia matraka ematen pasatzen duten. Asken finean kotsekuenteak dira, eta fida gaitezke beraiengan. Nire amak, aita engainatzen badu, norekin fida naiteke bada?

Ez ditut agurrak batere gogoko (Gontzal, 16 urte)

“Orain dela hilabete eskas egin nuen idatzi batetan, agurrak ez zitzaidala batere gustatzen esaten nuen; eta aipamen hori egin nuen Inglaterrara joan eta familiagandik agurtu behar nintzelako. Ez denbora askorako (hilabetea eskas), baina pena ematen zidan bakarrik joan beharrak beste herrialde batera, beste familia batekin bizitzera, eta hainbat herrialdeetako ezezagun jende mordoarekin egunero bizi, ingelesez mintzatu, etabar; hau da: ikara piskat ematen zidala abentura horrek.

Joan nintzen. egon, eta baita pila bat  ikasi ere. Lagun oso onak egin nituen, eta nire  baitan isilpean zegoen alde bat ezagutu ere. Irekiago sentitzen nintzen eta barne loturak aske. Gaur egun, argi daukat munduan zehar zeharo ibiliko naizela!!

Ingelesa praktikatu nuen, bai,baina praktikarik onena jente desberdina ezagutzea izan zen. Lehenengo hiru egunak zerbait lotuak izan nituen, baina gero oso ondo pasatu nuen; hain ondo!!! Orain faltan botatzen dut guzti hura,eta batez ere lagunak!! Nork ezango zidan?

Ez da egunik haiekin ez naizena gogoratzen…Mark, Susanne, Shu Wo edo Vicky-rein…denekin. Faltan botatzen ditut, eta pena ematen dit zeren seguraski ez dugu sekula gehiago elkar ikusiko.Bidegabekoa iruditzen zait…eta ez litzateke horrela izan behar. Hain hurbil bizi izan ostean, agurtu beharra. Horrela dira kontuak…”

—o—

Kudeatzaileen oharra: Gontzal ezizena da. Administradoreok, guk geuk, aukeratu dugun izena, hain zuzen ere, idatzi egin duen 16 urteko gaztearen identitatea babesteko asmoz.

Krisi ekonomikoaren harira ezagututako istorio bat

Krisia. Pil-pilean dagoen hitza, eta berari lotuta hain ulergaitzak egiten zaizkigun hainbat eta hainbat hitz potolo, hau da: arrisku prima, birkapitalizazioa, sor publikoa etabar. Benetako zailtasunak baditugu nagusiok berba hauek ulertzerakoan, nolako nahasmena pilatuko ez zaizkie gure adingakoei hauelakoak entzuterakoan.

Kontuak kontu, gure gizartea bizitzen ari den egoera erabat latza da, zalantzarik gabe. Gehitzen ari den langabezi geldiezin honek beldurra dakar hainbat familiatara, askok hile bukaerara iristeko ezbaidaukate. Batetik, gurasoek han eta hemen dira lana bilatu nahirik eta bestetik txiki eta gazteak egoera ezengonkor horren lekuko. Adibidez, Unifezen ikerketa baten arabera, 2,2 milloi adingabe omen dira pobrezia egoeran bizi direnak Espanian egoera ekonomiko honen eraginez. Izugarria.

Baina era honetako datuen gibelean istorio pertsonalak daude. Egun batzuk direla, 16 urteko neska batek deitu zigun zerbitzura. Aspalditik lanik gabe duen aita eta 7 urteko ahizpa txikiarekin bizi da bera. Diru sarrerarik gabe, aitak etxetik kanpo orduak ematen ditu nolabaiteko lanen baten bila, eta gure deilaria bitartean txikiaren arduradun bihurtu da. Inguruan ez dauka inor erantzukizun horretan esku bat botatzeko moduan, eta guztiz akiturik dago lagunarteko bizitzarik egiteko aukerarik ez daukalako.

Adi entzun genion, barrua hustu zezan eta baita baloratu ere egiten ari zen lana. Nola ez bada, bere desioak ere aintzat hartu genizkion. Azkenik bion artean aztertu genituen izan litzakeen laguntza iturri batzuk, eta baita kontaktuan jarri ere aisialdiko talde batzuekin, bere ahizpa eraman zezan noizbehinka denbora libreko ekintza egokietara.

Argi gelditzen den bezala, gaztetxoek ere pairatzen dute krisiaren ezbeharrak, eta nahiz eta etxekook etxekoen babeslari nagusiak izan behar garen, nerabeek bai izaten dute beraien espazioaren beharra. Ulertzekoa.