Gogoratzen naiz, aspaldi sartu zitzaigun deia batez.Hartan, laguntza eskatu zigun 11 urteko neskato batek. Eva izena jarri diogu. Hilekoa jaitsi omen zitzaion lehenengo aldiz eta bazituen kexu eta zalantza batzuk, horren harira.
Klasean bera izan omen zen lehena kontu honetan, eta lotsa ikaragarria bizi izan zuen. Berehalako unean dutxan sartu zen txarto eta zikin sentitzen baitzen. Jota esperientziaren zurrubiloan.
Evak jakin nahi zuen bere sentsazio hura normala zen ala ez, zeren gertatutakoa gutxi izan balitzaio, ama pozarren hasi omen zitzaion algara betean “nire alaba egin da emakume!!!”deidarka, alabak berria eman zionean. Batetik amaren poza eta bestetik bere lotsa.
“Nor dago ondo, ni edo nire ama?”-esan zigun.
“Biok”-erantzun genion
Egia da bai pertsona bakoitzak modu intimoan bizitzen duela, une desberdinean gerta dakiokeela bati edo besteari, eta argi izan behar dugu, bakoitzak egoera berdinen aurrean, modu desberdinetan erantzun dezakela. Horregatik, normala zela azaldu nion; ez dela ezer txarrik gertatzen honela sentitzeagatik. Shock txikia bizi omen zuela, horretarako prestatua ez zegoelako, akaso.
Bat-batean egun batetik bestera, neskatoa izatetik adingabea izatera pasaten gara. Ohitura berrietara moldatu behar; hots: garbitasun zehatzagoa, konpresak, ph neutroa daukaten eskuoihalak . Honekin batera, datorkigu txarto usaintzen dugunaren “trauma”. Hilekoak usaintzen du usaintzen duen moduan, baina bakoitza da nabaritzen duen bakarra, nahiz eta besteak ere antzematen dutela pentsatu.
Gauza oso arrunta da, naturala eta benetan polita, emakume batzuetzat. Odola isurtzen zaigun unetik, gure gorputza moldatzen eta prestatzen doa noizbait bizitza sortu ahal izateko. Modu honetan ikusita ez da hain txarra ,ezta?
Adingabekoen bizitzan, momentu klabea da. Bestalde, mutilak ere badute hilekoaren inguruan zalantzak eta mitoak, ez badakite batzuetan zergatik emakumeoi hilero odola jariotzen zaigun ezta mina izatearen arrazoia.
Puntu honetan, Zeuk Esan-eko profesionalek aritzen gara, askotan, adingabeak aholkatzen errazagoa egiten baitzaie 116111-era deitzea, anonimoa eta dohakoa izanik. Gainera, bururatzen zaien guztia eta publikoki planteatzeko zail egiten zaizkienak galde ditzakete.
*Irudia via Sangre Fucsia