PASA DEN URTEARI SO EGINEZ

Ohikoa da jendea pasa den urteaz mintzatzen entzutea, asebetetako plan edota egiteko daudenen, eta, datorren urtean datozen proiektu eta itxaropenen inguruan.

navidad-postTxikia nintzenean, entzuna nituen helduak horrelakoez hizketan. Nik ez nuen tutik ulertzen, Gabonak beste adiera bat baitzuten niretzako, ala nola, familiarekin elkartu, opariak jaso eta janari asko eta denetarikoa jan…, batez ere azken hau; ah, eta nola ez, oporrak.

Gogoan daukat Abenduak 25ean lagunekin elkartzen nintzenean, Olentzerok ekarritako opariak elkarri erakusteko. Gogaitu arte jostatu eta besteen opariak aztertzen genituen, beharbada, etorkizun hurbil batetan eta jarrera ona izanik, Olentzerok ekarriko zizkigulakoan.

Aiton-amonak egiten zizkidaten galderak ere gogoratzen ditut:                << ongi portatu al zara urtean zehar? Zer eskatuko duzu hurrengo urterako? >>. Azken galdera hau ez nuen behar bezala ulertu, eskatuko nituen oparien kontuarekin zerikusirik ez baitzuen. Gaur egun, urte batzuen buruan, badakit zein den galdera horren atzeko esanahia: datorren urterako ditudan itxaropen edo planak zeintzuk diren pentsatu (ikasiko dudana, nola antolatuko naizen, eraikiko ditudan proiektuak zeintzuk izango diren…).

Nagusi egiten garen heinean, gauzen esanahiak aldatu egiten direla uste dut, gehienetan, behintzat; baina ez beti, eta eskerrak. Haurtzaroko sentsazioak berreskuratzea zein gaur egun ditugunak eta etorkizunean izango ditugunak onartzea garrantzitsua dela deritzot, barnean daramagun haurrarekin jolasten jarraitzea ederra delako. Zenbaitetan, 7 urtetxo nitueneko Gabonetara bueltatzea gustatuko litzaidake, magikoa iruditzen zitzaidan eta: zuhaitzetako argiak, kantuak, familiako kideak mozorroturik pailazoarenak egiten ikustea… Beraz, Gabon hauetan atzera bueltatuko naiz, mozorrotu egingo naiz, kantuka ibiliko naiz eta zehetasun bakoitzean momentuko magia aurkituko dut; etxeko txikienekin partekatuko ditut egun hauek, ia dena kutsatzen dela esaten baitute, eta magia, horietako bat da.