Geroz eta gehiagotan entzuten dut jendea, teknologia berriek (jada ez hain berriak) gure gizartean sortzen duten arazoz hizketan.
Sare Sozialak, Instagram, berehalako mezuen zerbitzu diren Watsapp, Telegram bezalako aplikazioz mintzo naiz. Liluratu egiten nau tresna hauek nola liluratzen gaituzten ikusteak; modu egoki batetan erabiliz gero, hauen alderdi onei etekina atera ahalko genieke, baina, ogi gogorrari, hagin zorrotz.
Aro honetan teknologiak aurrera egiten du etengabe. Helduak gara tresna hauek erabiltzen hasten garenak, eta, gure oinordekoei irakasten diegu ondoren. Gazteek azkar ikasten dute, eta gehiago, horrelako kontuak direnean (nik uste). Arduratua nago ordea, ez ote den garrantzitsuegia hauentzat pantaila eta, honen atzean garen hori soilik.
Hainbeste aldatu ote dira beharrizanak? Harritu egiten naiz oraindik, gazte eta ez hain gazteek bizitzako edozein alderdi Facebooken argitaratzen dutenean; bikotekideetako bat haserretzen denean, beste kideak Watsappeko mezua irakurri eta erantzunik eman ez diolako; pertsona baten motibazioa Instagramera igo berri duen argazkian dauden like horrek kontatzea denean eta asko badira, hobe, kalera irtengo baita gehiago ateratzera. Baina horrela ez bada, zer gerta daiteke? Hondoratu egiten gara, triste jarri eta inor ez dela gutaz ohartzen pentsatzen dugu…460 lagun Facebooken, benetako lagunak al dira? Zenbat ezagutzen dituzu benetan? Zenbatekin hitz egiten duzu?
Ez dakit zuei, baina niri kezkagarriak egiten zaizkit auzi hauek eta bestelako batzuk ere. Beraz, gustatuko litzaidake zuen iritziak entzutea, gizarte honetan ematen ari diren aurrerapausoak hobeto ulertzeko asmotan. Beharbada zahartua nago kontu hauetarako.