Kurtso Berria eta bere Pelikulak

vuelta al cole

Seguruenik neska-mutil asko hasita egongo dira honezkero aurki ikasturte berria hasiko delako ideiari bueltak ematen. Gutxi-asko, asko pentsatzen arituko dira zer ikaskide izango dituzten ikasgelan ondoan, tutorea zein izango den, edo aurtengo ikastaldian zein zaila gertatuko den mate ikastea.

Eta normala da, eta ondo iruditzen zaigu horrela izatea. Arazoa da hainbat neska-mutil, “pelikula” horrekin hasten direnean, okerrenean jartzen direla, eta nola edo hala, sarri askotan, horrelako pentsamenduek institutuko lehen egunean aurretiazko jarrera negatiboarekin joatea eragiten dutela.

Azken egunotan ildo horretan doazen hainbat dei jaso ditugu gure 116.111 telefonoan. Horietako lehena aurten batxilergoan hasiko den mutil bati buruzkoa da. Etapa berria da eta, antza denez, urduri eta zalantzati dago horren aurrean, ikuspegi akademikotik. Zaila izango ote den kezkatuta dago, gutxiegi aterako duen, irakasleak zorrotzagoak izango diren, etab. Jakina, Zeuk Esan atalean esan diogu lan egin egin beharko duela, baina lasaitu egin dugu (eta lasaitu egin gaitu), maila horretara batez besteko notarekin iritsi dela esan digunean. Hau da, bide horretan jarraitzeko eta seguru ez duela arazorik izango.

Bigarren deiak alderdi sozial batekin zeukan zerikusi handiagoa. 13 urteko neskatila zen, aurten beste ikastetxe batean hasiko dena, institutu berri batean. Ondorioz, neska, berez, inor ezagutzen ez duen gela batean lurreratuko da. Guztiarekin ere, oso logikoa, bere kezka. Aurreko kasuan bezala, lasaitzen saiatu gara, eta esan diogu ahal den heinean eta bere ardura guztiz normala izanik ere, zer gertatzen den itxaroteko , hau da, ez duela zertan okerrenean jarri eta inork ez diola hitzik egingo pentsatu, seguruena delako hori ez dela gertatuko eta, ez dakienez, ez duelako zertan horrelako pelikularik egin.

Jarraibide hori, finean, guztiz baliagarria da bi kasuetan. Alegia, balekoa da gaztetxoak bueltaka ibiltzea ikasturte berria nola hasiko duten, baina, ahal dela, ez daitezela ideia itxiekin joan, ez ditzatela aurreikuspen zurrunak egin eta, finean, ikasturte berriak seguru ekarriko dizkien sorpresez disfruta dezatela.

Nolanahi ere, Zeuk Esan taldeak atsegin handiz entzungo die gai horiekin burua hausten dabiltzan neska-mutil guztiei, eta oso pozik opako die guzti-guztiei 2014-2015 IKASTURTE ZORIONTSUA!!!