Maitemintzea Eta Bere Gauzatxoak

Zer moduz aratusteak?

Ni herririk herri nabil, festarik festa eta loraz lora, lagun artean diogun bezala.

Ez dakit zer gertatzen zaidan azken aldian; benetan gustuko dudan norbait aurkitu dudala pentsatzen dudanean, denbora bat igaro eta hasierako emozio hura desagertzen dela sumatzen dut. Beste pertsona bat ezagutu eta berriz hasten zaizkit kilimak urdailean…eta beste denboraldi bat pertsona berri hau burutik ezin kendurik. Lagunek kapritxoa besterik ez dela esaten didate, baina nik ez dut hala sentitzen.

Koadrilan ere ez daude hitz egiteko moduan, egia esan. Lagun batek bikotez aldatzen du astero, eta, beste bat ezin erabakita dabil hainbaten artean. Niri behintzat denbora gehiagoz irauten didate harremanek. Nire adineko gazte batzuen ustetan, orain aprobetxatu beharra daukagu, helduarora iristean gauzak aldatzen baitira eta egonkortasuna bilatzea izaten da garrantzitsuena. Ez dakit hala ote den; urduri gabiltzala errealitate bat da, ordea, eta gertakizun kitzikagarri hauek hain berriak ez izan arren, elkarrengandik desberdinak direla badakit. Jostagarriak dira, biziak, eta orduak ematen ditugu horien inguruan hizketan.

Honela ikusita zoragarria dela eman dezake, odei batetan flotatzen egongo bagina bezala. Baina badu alde ez hain gustukoa ere. Lagun batek neska bat du gustuko, eta honek ez dio jaramonik egiten; ondorioz, nire lagun hau triste samar dago. Ulertu dezaket zer gertatzen zaion, maitasun batek bestea ahaztarazten duela esaten duten arren, sarritan ez da hala izaten. Momentu horietan pertsona jakin hori besterik ez duzu buruan; parkean paseatzen zabiltzanean, film bateko protagonista gisa zuen burua ikustean, ikasgelan, logelan, lagunekin zaudenean imajinazioz blai eta ingurukoari arretarik jarri gabe…

Maitemintzearen misterioak, zenbat poztasun eta emozio atsegin, baina baita momentu tristeak ere. Arreta beste gauza batzuetan jarri behar dudala pentsatzen dut zenbaitetan, sentimendu hauek albo batera utziaz; baina orduan, berriz maitemintzen naiz!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude