Aitona-amonak

Resultado de imagen de abuelos

Aste honetako  gure bloga  aitona – amonen oroitzan  irekitzen dugu. Bai,  gurekin dauden familiako pertsona garrantzitsuenetarikoak direlako; haientzako omenalditxoa, beraz.

Aitona – amonenganako maitasuna eta errespetua  bada  gehienoi bateratzen gaituen sentimendua. Mundu honetako argitara murgiltzen garenetik aldamenean ditugu, bidea samurtuz, itsasargia amatatzen zaien unerarte

Familia izenari zentzua ematen diote eta guri abizena oparitu. Haiek ematen diguten lasaitasuna, entzuketa, konfidantza eta maitasuna paregabeak dira.

Nork ezagutzen zaitu aitona – amonak baino hobeto?  Erraza, Inork!

Badira gure sekretuak hoberen ezkutatzen dituztenak, familiaren ohituren sortzaileak eta baita legatua helarazten digutenak ere. Denboran zehar gertatutako bitxikerien zerrenda dituzten bakarrak eta senideen bileretan bromatan dabiltzanak, gure gurasoekin gatazkatan gabiltzanean aurpegia ateratzen diguten defendatzaile amorratuak, aspertuak gaudenean kartetan jokatzera erakusten digutenak, benetan entzuten dutenak, etabar luzea. Beti gurekin.

Lewis Mumford-ek esan zuen moduan; “Belaunaldi bakoitza beren gurasoen kontra doa eta, aldiberean, aitona – amonen lagun egiten da”

Kontutan har dezagun , noizbait guri tokatu ahal zaigulako haien papera jorratzea, eta orain eredua ondoan izanda momentua dugu ikasteko.

Laburbilduz, gure heroi anonimoak maitatu, zaindu eta baloratu,  ez baitira betirako.

Laguntasuna

“Adiskide-gabeko bizitza, auzo-gabeko heriotza”    Esaera zaharra

Post-a irekitzen dugu gure bizitzan beharrezkoak zein garrantzitsuak diren pertsonen akorduan, nahiz eta askotan ez ditugun kontuan hartzen. Esaerak esaten duen moduan, “aukeratzen ditugun familia-partaideak dira lagunak “eta horregatik baloratu eta zaindu behar ditugu, honen luzapena baitira.

Adiskidetasunaz hitzegitean, baldintzarik gabeko zerbaitetan pentsatzen dugu. Gure egunerokotasunaren barnean daudenak, konfidantzazkoak eta gure interesen defendatzaile gogorrak, bizitzako bidai lagunak, une bikainen sortzaileak , etabar. Baina baita badira modu iheskorrean pasatzen direnak ere, zeure bizitzatik zerbait sorraraziz eta modu berean desagertzen direnak, hain zuzen.

Adiskedetasuna era askotara bizi daiteke, eta aniztasun horretan, guztiak dirudite berezian berezieanak. Zure maskotarekin duzunetik hasita, mugak gainditzen duten lagun arteko adiskidetasunerarte, denborarekin indartzen joan ohi direnak.

Zeuk Esan zerbitzuan,  adingabekoekin eta nerabeekin lan egin ohi dugu eta hauek kontu honi izugarrizko garrantzia ematen die. Antzekotasunak dituzten pertsonen talde batean sartuta egotea, erabat funtsezkoa zaie heldutasunean jorratuko duten rolak garatzeko

Baina inportanteagoa da lagun onak izatea. Adiskidetasun sentimendua txikitatik aurkitzen da. Haur-eskoletan, parkean edota familiako beste haurrekin. Laster lagunak aukeratzen jakiten dugu, bereizten gure ondoan nahi ditugun pertsonak eta nahi ez ditugunak.

Batzuetan,  bat-batean  topo egiten dugu bizitzaren bidaian lagunduko diguten adiskideekin eta hau bada baloratu beharreko oparia.

Esaera zaharrak dioen moduan: “Lagun bat daukanak altxor bat du”. Beraz, zorionak guztioi, Aberatsak gara!!!

Eutsi gogor kurtsoaren amaierari!!!

“Ai ama!! Ze urduri nagoen! Zenbat gauza ikasi behar ditut eta zenbat lan amaitzekol! Ez daukat denborarik! Zer egingo dut??

Zertarako egingo dut hainbeste ahalegin? Ez daukat astirik, eta gainera nire gurasoak beti nire atzetik!: ikasi gehiago, utzi mugikor hori, ordenagailua logelatik atera!!. Betiko matraka bera!”. Honela esaten zigun 14 urteko mutiko batek lehengo egunean

Kurtsoaren amaiera benetan sasoi txarra da hainbat ume eta gazteentzako.

Kurtso osoko  nekeaz gain, udaberriak ere bere eragina  izan ohi du eta erabat nekatuta  gaude. Udako oporren zain, azken ebaluaketa, ekainako azterketak, etabar. Hainbat ikasleentzat maiatza eta ekaina benetan hile gogorrak bihurtzen dira .

Batzuk ez dituzte lanak egin, eta pilatzen ari zaizkie. Beste batzuek, nahiz eta emaitza onak eduki , azken momentuetan larritu egin ohi dira gauza asko eta denbora gutxi badute, eta ondorioz, sasoi hauetan gehiegi sufritzen dute.

Ikasleen artean, batzuk denboraldi gogor hauetan bere buruarekiko konfiantzaz eta orain arteko emaitzak kontutan hartuz, tentsio normalarekin mantentzen dira eta azken txanpa hau arazorik gabe antolatzen dute, azterketetara  sendo hurbiduz.

Beste asko, berriz, urduri hasten dira; ikasi behar duten orduetan sukalde eta ordenagailuaren arteko bidea mila bider egiten, edota ikasteko mahaitik kanpo denbora luze eginez.

Horrez gain, gurasoak beti atzetik. Egoera honetan,  igo ezina dirudien mendi amaitu ezinean egongo balira sufritzen dute. Ikasleak, dinamika ezegokian sartuta eta irtenbiderik ikusten ez duenean,  laguntza eskatu behar du. Bai anaia edota ahizpa bati, ondo antolatzen dakien bati, dinamika gelditzelo eta lasaitasun puntu bat lortuz, elkarrekin argitxo bat pizteko.

Nahiz eta errezeta magikorik ez izan, geldiketa egin eta plangintza errealista bat prestatzea oinarrizkoa da. Egutegia eta gai-zerrenda aurrez aurre edukiz gero, eguneroko orduak antolatzea ezinbestekoa da; zer ordutan ikasi, zer ordutan  geldialdia egin edota noiz kaleratu lagunekin edota kirola egin.

Hainbat eta hainbat gauza egiteko denbora duzu. Kotuan izan, besteak beste, 7 edo 8 orduko loa derrigorra duzula, eta baita behar bezalako elikadura ere, nahi baldin baduzu gorputza eta burmuina sendo eta bizkor sentitu.

Antolaketa martxan jarri eta denborara,  noizbehinka, gomenigarria da berrikustea. Modu honetan teoría eta praktika alderatuko dituzu, horrela jakin dezakezu egokitzapenik egin behar bada.

Nahiz eta sasoi hau gogorra eta nekagarria izan, oraindik denbora dago!! Honetaz, gurasoekin hitz egitea lagungarria ikusten baduzu, animo eta egin ahalik eta arinen, entzuteko eta laguntzeko prest daude segur aski eta.

Eutsi gogor kurtsoaren amaierari, laster merezi dituzuen atseden-egunak helduko dira eta!!!

Heriotzaz mintzatuz bai?

Sarritan esan dizuegu bidaltzeko zuen idatziak, gure blogean nahi baldin badituzue agertzea.

Ondorengoa 16 urteko neska batena da. Sinadura barik doa, gurea zerbitzu konfidentziala delako. Heriotzari buruz eta gai horrek ukitzen dizkion sentipenei buruzko hausnarketa sakona egiten du bertan gure idazle gazteak.

Besteak beste, esaten digu gaur egunean nekez hitz egiten dela etxeetan heriotzaz, eta berak uste duela egin beharko litzatekeela bizitzaren zatia delako. Ea gustatzen zaizuen bada!!

“Gaur biraka daukat buruan heriotzaren kontua. Uste dut hainbat gaien inguruan ez gaudela batere prestatuak. “Heriotzaz mintzatuz bai?” irakurtzen jarraitu

Lagun ona

Gaur jaso dugu bene-benetako dei zoragarria bat, hainbat txatxaren bitartean.

Hamalau urteko neska bat izan da gure 116111 telefono zenbakia markatu duena. Kezkatuta agertu zaigu bere lagun baten arazoak direla eta. Antza lagun horrek ez du ea ezer jaten; erabat ahul eta argal dago aspaldi, baina bere burua lodi ikusten du. Gure deilariak uste du bere laguna anorexiaz jota egon daitekeela.

Biak doaz ikastetxe batera eta bertako irakaslegoa arduratuta dago lagunagatik. Egin behar den modura, ipini dira harremanetan neskaren gurasoekin eta ematen du laster sendagilearengana eramango dutela laguntza emateko.

Baina gure deilaria zerbait gehiago egin beharrean dago eta ez daki zer. Esan diogu nahiko egiten dagoela eta lagunaren ondoan egotea dela egin dezaken gauzarik hoberena. Gurasoek eta sendagileek emango diote behar duen babesa eta laguntza,baina lagun baten berotasuna ezinbestekoa egingo zaio trantze horretan.

Gure laguntza izango du deilari honek nahi duen guztirako. Honelako gazteak zaindu beharrak daude eta. Horregatik ba, pozik gaude honelako deia pozgarriak baitira.

Argazkia Flickr (CC)-tik

The Police (Gotzon -16 urte)

Gaur atzo baino, azken egunotan baino, goizeago esnatu zara, 6:14an. Ohetik altza eta eskatzera joan zara. Ez duzu ezer gosaldu. Komuneko espilluen aurrean denpora luzez, geldi. Ezpainetako gorriaz eta zeure mutillak orain dela sei egun erregalatutako begietako “Rimel” karuarekin makillatu zara. Ez du balio; zure arpeian ez dago pozik.

7:36an etxetik irten zara biharrera joateko. 100 bat metrora dagon Walterren floristerian geratu zara, goizero bezala, bertako larrosa zuriei begira; eta goizero bezala ez duzu ezer erosi.

Haietariko bat ezker eskuko atzamarrekin kontuz ikutu dozu. Aurrera jarraitu duzu; pixkat berandu zabiltzaz.

7:58an heldu zara klaseak ematen dituzun “St. George Collegue” unibersitatera. Deskantsuan, 11:17an, ate aurrera irten zara kafe bat hartzeko asmoz. Deskafeinatua, esne tanta batekin. Dei bat hart eta erantzun duzu. Barre egiten eta ahots alaiagoa ipintzen saiatu zara; asko kostaten zaizu; illuntzerako planin bat. 11:44an berriro sartu zara barrura, Turner, fisikako maisuarekin.

19:02an irten zara ate berdinetik, jake eta bufanda gorriarekin. Bihar arte, ez zara barrura bueltatu behar. 19:13an Opel Astra bat geldittu da zure aurrean. Irribarre egiten saiatu zara. Asko kostatu zaizu. Atea zabaldu, barruan jesarri, atea itxi eta aurrerantz joan zarete, bigarren kurban ezkerrera botata. “Elisabeth II St.”ko Odeon zinetokiaren aurrean gelditu da autoa. Bertatik irten zarete zeu eta zeure mutilla. Besoa sorbalda ganetik pasatu dizu eta barrura  joan zarete.

22:11 irten zarete kalera. Hotza sentitzen duzu eta zure mutillak beren jakia ipiñi dizu ganetik. Ez du balio; hotz berdina daukazu. Kotxean sartu zarete. 22:12an zeure etxeko norabidea hartu duzue. 22:27an zure ate aurrean geratu eta biok irten zarete. Sorbaldetan eskuak ipiñi ta aurrez aurre musu emoten saiatu zaizu. Aurpeia eskumara ezkuta duzu. Mosua ezker matraillara heldu zaizu. Gabon esan, kotxean sartu eta joan da. 22:31. Kotxea joan den norabidean begira geratu zara. Ez dago irribarrerik, baina pozik txikiena bai.

Atetik sartu eta eskilaretan gora igo duzu. 22:36an etxeko atetik sartu, giltzak sofara bota dituzu, txaketa eta bufandagaz batera; eskatzera zuzendu dituzu pausoak, gosez. Eta ikusi duzunean irribarre bat irten zaizu, oraingoan ezer kostatu gabe. Nolabait, badakizu ez dena zure mutilla. Bera arruntegia da holakorik egiteko. Larrosa zuria bi eskuakin hartu eta paper zati bat daukala zintzilik ikusi dozu. Irakurri duzu; ezpanetan irakurri dizut. Eta agian izan da aingeru guardakoa atzetik edukitea, bakarrik sentitzea baino hobea delako, akaso nire idazkera ezagutu dozulako; baina 22:41an barre egin dozu, berez.

“…I´ll be watching you…”

Adiskidetasuna eta ardura

Agur bero bat blog jarraitzaile guztiei!

Gaurkoan, 116111 zenbakitik heldu zaigun istorio erreal bat elkarbanatuko dugu zuekin.

Bakoitzak bere irakaspena atera dadila, baina azpimarratu nahi dugun lehen gauza, Adiskidetasunaren garrantzia da. Zorte handia daukate arduratzen diren lagun taldea duten horiek!! Hori delako adiskidetasuna; momentu onetan elkarrekin gozatu eta, txarretan, ondoan izan, elkar lagundu, gaizki sentitzen denak ez  badu laguntza beharrik ikusten ere.

Zenbaitetan lagun on batek arazoak izaten ditu eta ez da egoerataz jabetzen. Zeuk Esan-en ez dugu inor larritu nahi, baina badira, ordea, arriskutsuak diren egoera batzuk, bizitza bera ere arriskuan jar ditzaketenak. “Adiskidetasuna eta ardura” irakurtzen jarraitu

PASA DEN URTEARI SO EGINEZ

Ohikoa da jendea pasa den urteaz mintzatzen entzutea, asebetetako plan edota egiteko daudenen, eta, datorren urtean datozen proiektu eta itxaropenen inguruan.

navidad-postTxikia nintzenean, entzuna nituen helduak horrelakoez hizketan. Nik ez nuen tutik ulertzen, Gabonak beste adiera bat baitzuten niretzako, ala nola, familiarekin elkartu, opariak jaso eta janari asko eta denetarikoa jan…, batez ere azken hau; ah, eta nola ez, oporrak.

Gogoan daukat Abenduak 25ean lagunekin elkartzen nintzenean, Olentzerok ekarritako opariak elkarri erakusteko. Gogaitu arte jostatu eta besteen opariak aztertzen genituen, beharbada, etorkizun hurbil batetan eta jarrera ona izanik, Olentzerok ekarriko zizkigulakoan.

Aiton-amonak egiten zizkidaten galderak ere gogoratzen ditut:                << ongi portatu al zara urtean zehar? Zer eskatuko duzu hurrengo urterako? >>. Azken galdera hau ez nuen behar bezala ulertu, eskatuko nituen oparien kontuarekin zerikusirik ez baitzuen. Gaur egun, urte batzuen buruan, badakit zein den galdera horren atzeko esanahia: datorren urterako ditudan itxaropen edo planak zeintzuk diren pentsatu (ikasiko dudana, nola antolatuko naizen, eraikiko ditudan proiektuak zeintzuk izango diren…).

Nagusi egiten garen heinean, gauzen esanahiak aldatu egiten direla uste dut, gehienetan, behintzat; baina ez beti, eta eskerrak. Haurtzaroko sentsazioak berreskuratzea zein gaur egun ditugunak eta etorkizunean izango ditugunak onartzea garrantzitsua dela deritzot, barnean daramagun haurrarekin jolasten jarraitzea ederra delako. Zenbaitetan, 7 urtetxo nitueneko Gabonetara bueltatzea gustatuko litzaidake, magikoa iruditzen zitzaidan eta: zuhaitzetako argiak, kantuak, familiako kideak mozorroturik pailazoarenak egiten ikustea… Beraz, Gabon hauetan atzera bueltatuko naiz, mozorrotu egingo naiz, kantuka ibiliko naiz eta zehetasun bakoitzean momentuko magia aurkituko dut; etxeko txikienekin partekatuko ditut egun hauek, ia dena kutsatzen dela esaten baitute, eta magia, horietako bat da.

IA EZEZAGUNA DEN AITA

abandono

6 urte nituen nire aitarekin goizetan futbolera jolastera, bizikletaz ibiltzera, erosketak egitera…joaten nintzenean. Hauek dira nire aitarengan ditudan ggorapen gutxiak. 8 urte bete nituenean, nire gurasoak banandu egin ziren eta nire amarekin eta nire ahizpa Soniarekin bizitzen geratu nintzen.

Momentu honetatik aurrera, nire aita bere amaren etxera bizitzera joan zen eta jarrera arraroa izaten hasi zen eta, batez ere, bortitza. Banantzearen ondorengo egunetan eta egoera berria ez asimilatzean, etxean agertu zen bat-batean eta nire amari diru-zorroa hartzea erabaki zuen. Diru pixka bat zeukala ohartaraztean, ama iraintzen hasi zen diru hori nondik atera zuen galdetuz. Azkenean, zaplasteko bat eman zion, ama lurrera jausiz. Gertaera honen ondoren, beste egun batean etxera ailegatzerakoan, nire ohean eserita zigarro bat erretzen aurkitu genuen.Oraindik gogoratzen dut hartu genuen ezustekoa! Nire ama oihukatzen hasi zen nire aita etxetik atera zen arte. Beldurra genuen….Azkenean, sarraila aldatzea erabaki genuen eta inoiz gehiago sartu zen etxera baimenik gabe.

Esan beharra daukat nire ama ez duela inoiz oztopatu gure aitarekiko erlazioa. Hasiera batean, momentuak partekatzen genituen berarekin eta, ondoren, bere bikote berriarekin eta euren artean izandako semearekin, nire neba Aitor. Ez dakit bere bizitza berreraiki zuelako edo, baina gero eta gutxiago egoten ginen berarekin.

Asunto legalentzako paperak behar zituenean bakarrik deitzen zigun momentua ailegatu zen. Gainera, pentsioa jadanik ez zigun ematen. Ez zigun jaramonik egiten.

Gaur egun oraindik, nire ahizpa Sonia eta ni zer egin genuen gaizki pentsatzen dugu, gurekin jolasten eta bizikletaz ibiltzen zuen pertsona horrek jadanik gu baztertzeko, beste pertsona batekin familia “berri” bat osatuz, gu existitzen ez bagina moduan.

Zorte ona izan dut daukadan ama eta amama-aitite zoragarriekin, beti egon baitira nire alboan ni zaintzen horrexegatik, inoiz ezer faltan izan dut, baina kulpabilitate eta inpotentzia sentimendu horiek ez ziren desagertu gauzak beste ikuspegi batetik ikusten hasi nintzen arte, batzuetan, profesionalen laguntzarekin eta beste batzuetan, nirekin bakarrik.

Honegatik zuei idazten erabaki dut. Istorio honekin identifikaturik sentitzen bazarete, errudun ez zaretela sentitu behar esan nahi dizuet eta niri, pertsonalki, nire aitarekiko sentimenduak partekatzea asko lagundu nau, ni ume bat soilik nintzela eta egoera eta ingurua dena korapilatu eta zaildu egin zuela ulertzeko.

Zerbitzuan izan genuen nerabe baten istorioa da hau, fikziozko izenekin. ZEUK ESAN-etik zuen ardurak, sentimenduak, istorioak…gurekin partekatzen animatzen zaituztegu, azken finean, hau dena aska zaitezkeen pisu bat da bestekin hitz eginez.

ALABAREN GUTUNA BANANDUTAKO GURASOEI

Kaixo aita eta ama,

Min dut bihotzean, eta gaitz hau ez da egiten dizkidazuen opari handiekin sendatzen, ez ditut behar. Zuek elkarrekin egotea baino ez dut behar, baina badakit hori ezinezkoa dena. Beraz, eskari batzuk egingo dizkizuet; betetzen badituzue, uste dut askoz hobeto sentituko naizela: Ez duzue esaten niretzat onena nahi duzuela?  Tira ba, hemen doaz:

  • Zuek banaketaren erruduna ez naizela esatea behar dut. Nik zuetako bakoitza onena bazinete bezala ikusten zaituztet. Eta horregatik pentsatzen dut familia honetan huts egin duen bakarra ni izan behar naizela.
  • Berdin-berdin behar eta maite zaituztet biak, ez jarri ni bietako baten alde egin behar izateko tenorean. Ez da bidezkoa.
  • Ez jarri ni epaile moduan, eta ez erabili mezulari gisa. Ni erabiltzen ari zaretela sentitzen dut, eta konponezina dela diozuen zerbait konpontzearen arduraduna naizela ematen du.
  • Nahikoa da nire aurrean elkar kritikatzearekin. Ez zarete bikotea, baina bai nire gurasoak, bizitza osorako. (hau aitona-amonei ere eskatu behar diet).
  • Batzuetan haserre etortzen naiz zuetako norbaitekin bisitan egon eta gero, eta orduan bestea ni pozoitzen ari dela pentsatzen duzue.  Eta eeez da horrela! Kontua da amorratuta eta haserre nagoela beti eta beti elkarrekin biziko ginela uste nuelako.
  • Nigatik egin dezakezuen onena –dagoeneko elkar maite ez duzuelarik– elkar errespetatzea da.

Bananduta ere bietako inork ez nauela abandonatuko jakitea, behar dut.

Maite zaituet

Alaba